ONGI ETORRI!!


ONGI ETORRI!!
Munduan badira kolore guztietako zaletasunak: futbola, tenisa, kotxeak ...
Hala ere, eta zenbaiti harrigarria irudituko zaie, Euskal Herrian badugu jarraitsaile fidel eta sutsu bat: bertsozalea.
Plaza zein txapelketa, euri ala eguzki, herriz herri mugitzen dena bere izarrak entzun/ikusteko.
Blog hau berarentzako da. Baina batez ere, heldu berria den gaztetxoarentzako.


Ongi etorri gure klubera!!

2011-12-19

AURKIBIDE GISA

Gaurko berria, bitakora hau zuzendu behar duen irakasleari zuzendua dago. Ez baita  lan makala izango horrenbeste blog errebisatzea. Horregatik, aurkibide txiki bat prestatu dut lana arintzeko. Ez da gauza handirik, derrigorrezko eta aukerako osagaiak non aurki daitezkeen baino ez baitu zehazten.
Hala ere, ez pentsa laburpentxo hau amaiera izango denik. “Blogera” izaten jarraitzeko asmoa baitaukat!



Zenb.
Osagaia
Data

Derrigorrezko Osagaiak
3
Taula
Azaroak 10
4
Menu Gorakaria
Azaroak 10
Azaroak 22
5
Webquest
Azaroak 11
6
Copyscape etiketa
behealdean
7
Creative Commons ikonoa
behealdean
8
YouTube
Irailak 29
Urriak 12
Urriak 20 …
9
YouTube (“nire bideoa”)
Abenduak 19
10
Slideshare
Azaroak 10
11
Slideshare (“nire lana”)
Azaroak 10
12
Gogear
Urriak 12 (FilesTube)
Urriak 13
Urriak 20
13
Gogear (“nire abestia”)
Abenduak 19
14
Issuus
Azaroak 18
15
Embedr
Azaroak 22
16
Picasa
Abenduak 2
17
Blogetan harpidetza
eskuinaldean
18
Delicious ikonoa
behealdean
19
“irakurri gehiago”
Azaroak 10

CmapTools
Azaroak 4

Aukerako Osagaiak
21
IPod Player
Abenduak 13
22
Kontagailua
ezkerraldean
23
Menu Gorakaria
Azaroak 10
Azaroak 22
25
Markesina
sarreran
26
Inkesta
ezkerraldean
27
Erlojua eta Egutegia
ezkerraldean
28
Google bilatzailea
behealdean

Jolasak
ezkerraldean

Kideen blog zerrenda
ezkerraldean


MUNDUA EZAGUTUZ

Gabonak direla eta makina bat ekintza antolatzen dira herri eta ikastetxe guztietan. Eta ia konturatu gabe,  bertsoak bere tokitxoa hartzen du egitarauetako askotan.
Adibide bat jartzearren. Abenduak 22, Olentzero eta Mari Domingi eskolara datoz bisitan eta harrera gisa, ziklo bakoitzak sorpresatxo bana prestatu du: 1. Ziklokoek “Hator Hator” abestia eta koreografia, 2. Ziklokoek “Agurra” eta “Aurreskua”, eta 3. Ziklokoek bertsoak.
Beste egoera bat. Abenduak 23, opor aurreko azken eguna da eta hori ospatzeko, arratsaldeko bi orduetan jaialditxo bat prestatu da eskolan. Ikasle, irakasle zein gurasoentzako jaialdia. Ziklo bakoitzak bere ikuskizuna prestatu du: kantua, dantza, antzerkia … eta amaitzeko, txokolate beroa guztientzat. Antzezlanak, bertso batekin eman du amaiera.
Ez al zaizkigu ezagunak egiten?

Sarritan konturatzen ez bagara ere, hemen ikusten da bertsoak bere tokitxoa izaten duela ekintza gehienetan. Izan ere, gustatu ala ez gustatu, onartu zein ez onartu, bertsolaritza errotuta dago gure gizartean. Eta modu batera edo bestera, gure egunerokotasunean islatzen da.
Geuk ere, Irakasle Eskolatik, antzezlan bat prestatu dugu kurtso amaiera begira eskolara eramateko. Eta kasualitatez eta nahita, bertso batekin eman diogu amaiera.
Gure lana ikusi nahi?




Hemen bertsoa ere:
 (Sentitzen dut horren kalitate eskasekoa izatea, baina telefonoarekin grabatua da)


Sarrera honi esker esan dezakegu, euskal argitalpen berri bi dabiltzala sarean zehar (YouTube eta Gogearren hain zuzen).
Ea egunen baten gainontzeko hizkuntzen parera heltzen garen!!

2011-12-13

HASI NAIZ HANDITZEN ...


Usadioei jarraituz, aurten ere buelta bat eman dut Durangoko Azokan zehar.

Izan ere, badirudi nahitaezkoa zita dela euskaldunen egutegian. Eta aldi berean, iman fisikoa bat, beti erosten baita zerbait. Edo niri behintzat hala gertatzen zait.


Zenbait gauzei bota diet begia aurtengoan. Baina oraintxe, bakar bat aurkeztu nahi nizueke. 19 abesti biltzen dituen CD/DVDa: ENE KANTAK.


Laburbilduz, Nerea Urbizu eta Urko Oskozen ideia, Nafarroako lurralde “ez euskaldunari” eskainitako proiektua da. Hain zuzen, Sortzen Ikasbatuaz taldeari eskainia. Talde honetako gurasoei (herriko eskolan euskaraz ikasteko aukerarik ez eta seme-alabak inguruko eskoletara daramatzaten gurasoei) ekonomikoki laguntzea baitu helburu.  

Eginkizun honetan, hainbat aurpegi ezagunek hartu dute parte. Hala nola, Gorka Urbizu (berri Txarrak), Eñaut Elorrieta (KenZazpi), Pirritx eta Porrotx, Martinez de Irujo (pilotaria), Julio Soto (bertsolaria), Sanjurjo eta Riesgo (Osasunako jokalariak) …

Gainera,  abestiak bertako eskoletan grabatu dira eta umeek eurek parte hartu dute koreografia askoren sormenean.


Ene Kantak proiektua polita da,  bai alderdi hezitzaileari dagokionez eta baita biltzen dituen helburuengatik ere.

Horregatik erabaki dut zuei hurbiltzea. Orain arte, Lehen Hezkuntzara begira egon baikara gehienbat. Eta hau ideia fresko eta dibertigarria iruditzen zait  txikienekin aritzeko. Bertsoak direnik esan ezin bada ere, oinarrian daudelako musika, kantua, errima, hitz jolasak …  


Blogaren eskuineko zutabean, “IPod birtual” bat aurkituko duzue. Bertan bildu ditut sarean aurki daitezkeen kantetako batzuk.

Entzun, gozatu eta gustuko baduzue animatu erostera!! 

2011-12-02

GIPUZKUN BAGERA…

Izena identitate ikur bat omen da, izaeraren adierazgarri bat.
Hala bada, pausu indartsu eta irmoan datorkigu gaurko protagonista. Edo hori esan genezake behintzat. Izenak ez baitu hutsik egiten.

G PUNTUAZ ari naiz, 2011 Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaz. Izan ere, izen ausart bezain erakargarri horren atzean esanahi sakon bat aurkitzen da. Mugimendu oso bat:
Gunea da: bertsoa maite duena eta bertsoaz gozatzen duena biltzen baititu.
Guztiona da: zurea, gurea, haiena … bakoitzak berea bizi duelako.
Gaztea da: hazten eta bidea egiten ari baita.
Gozamena da: sentsazio gozo zein gaziez bustitzen baikaitu.


Maiatzean eman zion hasiera sailkapen fasearekin. Eta abenduak helduko da helmugara, final handira. Bitartean, hainbat herri, bertsolari, hitz, doinu, bertsozale … ezagutzeko beta izan dugu.
Hona hemen txapelketako argazkien bilduma bat. Jarraitu duzuenontzat, oroimenaren freskagarri izan daiteke. Jarraitu ez duzuenontzat ostera, unearen berotasunaren adierazgarri.

2011-11-22

ZORTZIETAKO SAIORAKO MESEDEZ…

Inguruko herrietan dabilela eta itxaroten egon ondoren, asteburu honetan joan naiz zinera. Aspaldiko partez!

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen Asier Altunak bere azken filma: BERTSOLARI.
2009ko Txapelketa Nagusiaren harira sortutako dokumentala izan liteke batzuentzat, bertsolaritza ezagutzen ez duen publikoarentzat. Baina aldi berean, sentsazioz betetako luzemetraia besteentzat, bertsozalearentzat.  
Alde batetik zein bestetik begiratu, argi dago pelikulak edonor harri dezakeela. Izan ere, kontu eta goxotasun handiz sortutako lana da.

 
Hemen aurrerapentxo bat, motorrak berotzen joateko.
On Egin!

Bestelako informazioa ere eskuragarri:

2011-11-18

ARBELETIK OHOLTZARA SALTOA

Orain arte, gure haurrak bertsolaritzaren mundura zaletzeko zenbait pista ematen saiatu gara. Bertsoa rap bihurtuz, mahai joko, marrazki bizidun, pailazo … Baita gure haurrak bertsoak ikas dezaten ere. Klasean landu daitezkeen zenbait ariketa proposatuz. Baina gaurkoan, pauso bat aurrerago joango gara. Gure haurrei oholtza gainera igotzeko aukera emango baitiegu.
Bai, ondo entzun duzue. Oholtzara igoko dira, eskuak gerriak kokatu, ahotsa berotu … Eta gu bitartean, entzulearen lekuan, irribarrea masailetik masailera, adurra darigula …
Egoera ezaguna egingo zaigu denoi. Izan ere, nork ez du inoiz bere alaba/iloba/lehengusuaren abesbatsa/antzezlana/partidaren bat ikusi? Eta ikusi duenak, ez al du harrotasunez esan, hori, horixe da! ?

Ikastolen Elkarteak urtero urtero antolatzen du ESKOLARTEKO BERTSOLARI TXAPELKETA. Ikastola zein Eskoletako ikasleek dute aukera bertan parte hartzeko. Eta fase desberdinetan antolaturik, lurralde mailako zein Euskal Herri mailako txapelketak antolatzen dira.
Gaur plazak betetzen dituzten bertsolari gehienek ere, Eskolarteko Txapelketetan eman dituzte beraien lehen pausoak. Aldi berean, etorkizuneko plazak beteko dituzten bertsolariak, orain Eskolarteko Txapelketetan buru-belarri ari direnak dira.
Hona hemen txapelketa hauetako argitalpen batzuk. Goza ezazue gure gaztetxoen mailaz!  

2011-11-11

WEBQUEST-EAN IGERIAN

Bitakora honetan idazten dudan artean, hainbat gauza ikasten ari naiz. Izan ere, ikasteko, ez dago praktikatzea baino modu eraginkorragorik. Eta horixe da gertatzen ari zaidana.
Ahalik eta blog aberasgarriena sortzeko, sarean esploratu beharra dago. Ur handietan murgildu: gainontzekoen blogetan kuxkuseatu, trikimailuak bilatu, osagarri desberdinekin probatu … 

Oraingoan, WEBQUESTarekin egin dut topo.
Webquest-a, jarduera hezitzaile bat da, ikerlanak internet bidez burutzea ahalbidetzen duena. Horrela, ikasleak informazioa erabiltzen ikasiko du, aztertu, laburtu eta ebaluatzen. Ondoren, transmititu eta konpartitzeko.
Hala ere, badu desabantailarik. Gidatuegia baita eta ondorioz, autonomia gutxi eskaintzen du. 

Gure kasuan, nola ez, bertsolaritzarekin lotutako adibide bat erakutsiko dizuet. 
Klikatu argazkian eta gozatu!!

Hona hemen Webquest desberdinen bilakari zerbitzu bat:
http://www.phpwebquest.org/euskera/

2011-11-10

IRRIEN LAGUNAK GARA GU

Euskal Herriko pailazo-familia ezagunena, albiste pozgarri batekin datorkigu. Izan ere, Pirritxek bikiak izan ditu: Pupu eta Lore.



Sudur-gorriei laguntzeko, Irrien Lagunak Kluba sortu da. Jaio berriak heztea helburu duelarik. Baina baita Euskal Herriko ume guztiak heztea ere.
Horretarako, hainbat balore sustatuko dituzte. Beti ere euskara eta irria oinarri hartuta. Izan ere, gure herria Koloretako Mundua da eta honela eraiki beharra daukagu.
Eginkizun honetan, hainbat lagun ezagutuko ditugu. Besteak beste, ondorengo taulan aurkeztuko dizkizuedanak:

KLASERA BEGIRA

Batek baino gehiagok, faltan botako zenuten bertsoaren inguruko azalpen txikiren bat. Edota bertsoa lantzeko ariketaren bat edo beste.
Lasai, zuen eskariak bete egiten baitira gurean.
Bi POWERPOINT erakutsiko dizkizuet.
Lehena, sarean aurkitutakoa. Bertan, bertsolaritzaren inguruko sarrera txiki bat egiten da eta ondoren, bertso-egitura desberdinen azalpena argitu.
Bigarrena aldiz, neuk sortua da. Eta umeekin bertsoa lantzeko zenbait ariketa proposatzen ditut. Ea gustuko duzuen!


2011-11-08

BITAKOREN SEKRETUAK

Zenbat artista/idazle/kirolari/olerkari/dantzari… omen daude munduan? Eta horietatik zenbatek dute aukera beraien dohaia munduari aurkezteko?                                     
Sarritan murgiltzen nahiz korapilo honetan. Buruari behin eta berriz ematen dizkiot bueltak. Eta beti jausten naiz ondorio berera: zenbat talentu ezagutzeko aukera galdu dugun bidean!
Egunotan modan jarri dira artistak bilatzen dituzten teleisailak: “Tu Si Que Vales”, “Factor X”, “Fama”, “Operacion Triunfo” … Baina ez dut sinesten formatu hauen xedea egiazkoa denik. Paraphernalia handiegia iruditzen zait guztia. Timo hutsa.
Bada ostera, beste kanal erraldoi bat. Sarea.
Egile zein hartzaile guztientzako ateak zabaltzen dira bertan (zenbait kasutan gehiegi esango nuke). Eta aukera paregabea da, denbora eta pazientzia izanez gero, pertsona bakoitzak duen ezaugarri berezi hori bilatzeko.

Kasu honetan, bertsolaritzarekin lotuta dauden BI BLOG aurkeztu nahiko nizkizueke. Ez baitut berekoia izan nahi neurea bakarrik defendatzean.

ZORTXIKO TXIKIA
Igorreko gazte honek, iraganeko zein gaurko hainbat bertsoz gozatzeko aukera eskaintzen digu bere blogean. 
Argazkian klikatuz gero, 
zuzenean eramango zaitu orrialdera.




ITXARO ETA JUNEREN BLOGA
Abadiñoko ikasle hauek, bertsoa eta musika uztartu dituzte beraien blogean. Ikusiz eta entzunez gure belarriak alaitzeko amoz.  
Argazkian klikatuz gero, 
zuzenean eramango zaitu orrialdera.

2011-11-04

NONDIK GATOZ ETA NORA GOAZ

Txoko hau bertsolaritzaren mundura zabalduta badago ere, ezin dugu ahaztu gure jatorrizko norabidea. Izan ere, Lehen Hezkuntzara zuzendutako bloga dugu gurea.
Beraz, hemen aurki dezakezuen sarreretako bakoitza, haurrentzako pentsatua dago. Helburu batekin edo bestearekin, zuzenean edo zeharka, baina haurrengan pentsatuz.
Hala, aipamen berezia egin nahi nioke gaurkoan hezkuntzari. Eta bereziki, azken aldian horrenbeste entzute duten GAITASUNEI.

Mapa kontzeptual honetan, 8gaitasunok zehazten eta azaltzen dira laburki:




Ba al da norbait maparekin harrituta gelditu dena??
Ez pentsa aditu plantak egiten ari naizenik. Neuk ere oraintsu ikasi baitut tresna hau erabiltzen. Izan ere bere tranpa du.
Bada sarean, Cmap Tools izeneko programa erabilgarri bat. Modu errazean eta zeure gustura, kontzeptu mapak diseinatzeko aukera eskaintzen duena. Egin proba!!! 

2011-10-20

ZURE TXIKITASUNEAN

Irakurtzen hasi aurretik, entzun mesedez kantua:

Gutariko askori, nostalgia sorrarazten digu kantu hau entzuteak.
Belarriak zabaldu, burua askatu eta iraganera garamatza. Mundua ezagutzen hasi berria den pertsonatxo amestiar eta inozente horretara.
Izan ere, horixe da mitikoek daukatena. Denbora pasa arren, beti gelditzen direla gure artean. Sentsazioen zaparrada bat balira bezala.
Badaezpada, hemen beste pistatxo bat. Oroimen alferrenentzat:


Ikusi dugu zein polita den une haietara bueltatzea. Zein gustura egoten ginen LAZKAO TXIKIri begira. Pasadizo haietan murgilduta.
Polita izango da beraz, gure haurrak ere marrazki bizidunokin liluratuta gelditzea.
Badakit egunotan telebista gainezka dagoela. Indartsuarenaren legeak agintzen duela bertan. Eta gure aukera ez dela horien artean aurkitzen (ez merezi ez duelako, beste eragile batzuen menpe bizi garelako baizik). Baina egin dezagun froga!
11Telebistan aurkituko dugu Lazkaotarra. Eskolara joan aurreko momentu horretan.

Aukerarik ez dutenentzat, hona hemen telesailaren atalen zerrenda. Animatu eta deskargatu!