Usadioei jarraituz, aurten ere buelta bat eman dut Durangoko Azokan zehar.
Izan ere, badirudi nahitaezkoa zita dela euskaldunen egutegian. Eta aldi berean, iman fisikoa bat, beti erosten baita zerbait. Edo niri behintzat hala gertatzen zait.
Zenbait gauzei bota diet begia aurtengoan. Baina oraintxe, bakar bat aurkeztu nahi nizueke. 19 abesti biltzen dituen CD/DVDa: ENE KANTAK.
Laburbilduz, Nerea Urbizu eta Urko Oskozen ideia, Nafarroako lurralde “ez euskaldunari” eskainitako proiektua da. Hain zuzen, Sortzen Ikasbatuaz taldeari eskainia. Talde honetako gurasoei (herriko eskolan euskaraz ikasteko aukerarik ez eta seme-alabak inguruko eskoletara daramatzaten gurasoei) ekonomikoki laguntzea baitu helburu.
Eginkizun honetan, hainbat aurpegi ezagunek hartu dute parte. Hala nola, Gorka Urbizu (berri Txarrak), Eñaut Elorrieta (KenZazpi), Pirritx eta Porrotx, Martinez de Irujo (pilotaria), Julio Soto (bertsolaria), Sanjurjo eta Riesgo (Osasunako jokalariak) …
Gainera, abestiak bertako eskoletan grabatu dira eta umeek eurek parte hartu dute koreografia askoren sormenean.
Ene Kantak proiektua polita da, bai alderdi hezitzaileari dagokionez eta baita biltzen dituen helburuengatik ere.
Horregatik erabaki dut zuei hurbiltzea. Orain arte, Lehen Hezkuntzara begira egon baikara gehienbat. Eta hau ideia fresko eta dibertigarria iruditzen zait txikienekin aritzeko. Bertsoak direnik esan ezin bada ere, oinarrian daudelako musika, kantua, errima, hitz jolasak …
Blogaren eskuineko zutabean, “IPod birtual” bat aurkituko duzue. Bertan bildu ditut sarean aurki daitezkeen kantetako batzuk.
Entzun, gozatu eta gustuko baduzue animatu erostera!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario