Orain arte, gure haurrak bertsolaritzaren mundura zaletzeko zenbait pista ematen saiatu gara. Bertsoa rap bihurtuz, mahai joko, marrazki bizidun, pailazo … Baita gure haurrak bertsoak ikas dezaten ere. Klasean landu daitezkeen zenbait ariketa proposatuz. Baina gaurkoan, pauso bat aurrerago joango gara. Gure haurrei oholtza gainera igotzeko aukera emango baitiegu.
Bai, ondo entzun duzue. Oholtzara igoko dira, eskuak gerriak kokatu, ahotsa berotu … Eta gu bitartean, entzulearen lekuan, irribarrea masailetik masailera, adurra darigula …
Egoera ezaguna egingo zaigu denoi. Izan ere, nork ez du inoiz bere alaba/iloba/lehengusuaren abesbatsa/antzezlana/partidaren bat ikusi? Eta ikusi duenak, ez al du harrotasunez esan, hori, horixe da! ?
Ikastolen Elkarteak urtero urtero antolatzen du ESKOLARTEKO BERTSOLARI TXAPELKETA. Ikastola zein Eskoletako ikasleek dute aukera bertan parte hartzeko. Eta fase desberdinetan antolaturik, lurralde mailako zein Euskal Herri mailako txapelketak antolatzen dira.
Gaur plazak betetzen dituzten bertsolari gehienek ere, Eskolarteko Txapelketetan eman dituzte beraien lehen pausoak. Aldi berean, etorkizuneko plazak beteko dituzten bertsolariak, orain Eskolarteko Txapelketetan buru-belarri ari direnak dira.Hona hemen txapelketa hauetako argitalpen batzuk. Goza ezazue gure gaztetxoen mailaz!
No hay comentarios:
Publicar un comentario