ONGI ETORRI!!


ONGI ETORRI!!
Munduan badira kolore guztietako zaletasunak: futbola, tenisa, kotxeak ...
Hala ere, eta zenbaiti harrigarria irudituko zaie, Euskal Herrian badugu jarraitsaile fidel eta sutsu bat: bertsozalea.
Plaza zein txapelketa, euri ala eguzki, herriz herri mugitzen dena bere izarrak entzun/ikusteko.
Blog hau berarentzako da. Baina batez ere, heldu berria den gaztetxoarentzako.


Ongi etorri gure klubera!!

2011-11-22

ZORTZIETAKO SAIORAKO MESEDEZ…

Inguruko herrietan dabilela eta itxaroten egon ondoren, asteburu honetan joan naiz zinera. Aspaldiko partez!

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen Asier Altunak bere azken filma: BERTSOLARI.
2009ko Txapelketa Nagusiaren harira sortutako dokumentala izan liteke batzuentzat, bertsolaritza ezagutzen ez duen publikoarentzat. Baina aldi berean, sentsazioz betetako luzemetraia besteentzat, bertsozalearentzat.  
Alde batetik zein bestetik begiratu, argi dago pelikulak edonor harri dezakeela. Izan ere, kontu eta goxotasun handiz sortutako lana da.

 
Hemen aurrerapentxo bat, motorrak berotzen joateko.
On Egin!

Bestelako informazioa ere eskuragarri:

2011-11-18

ARBELETIK OHOLTZARA SALTOA

Orain arte, gure haurrak bertsolaritzaren mundura zaletzeko zenbait pista ematen saiatu gara. Bertsoa rap bihurtuz, mahai joko, marrazki bizidun, pailazo … Baita gure haurrak bertsoak ikas dezaten ere. Klasean landu daitezkeen zenbait ariketa proposatuz. Baina gaurkoan, pauso bat aurrerago joango gara. Gure haurrei oholtza gainera igotzeko aukera emango baitiegu.
Bai, ondo entzun duzue. Oholtzara igoko dira, eskuak gerriak kokatu, ahotsa berotu … Eta gu bitartean, entzulearen lekuan, irribarrea masailetik masailera, adurra darigula …
Egoera ezaguna egingo zaigu denoi. Izan ere, nork ez du inoiz bere alaba/iloba/lehengusuaren abesbatsa/antzezlana/partidaren bat ikusi? Eta ikusi duenak, ez al du harrotasunez esan, hori, horixe da! ?

Ikastolen Elkarteak urtero urtero antolatzen du ESKOLARTEKO BERTSOLARI TXAPELKETA. Ikastola zein Eskoletako ikasleek dute aukera bertan parte hartzeko. Eta fase desberdinetan antolaturik, lurralde mailako zein Euskal Herri mailako txapelketak antolatzen dira.
Gaur plazak betetzen dituzten bertsolari gehienek ere, Eskolarteko Txapelketetan eman dituzte beraien lehen pausoak. Aldi berean, etorkizuneko plazak beteko dituzten bertsolariak, orain Eskolarteko Txapelketetan buru-belarri ari direnak dira.
Hona hemen txapelketa hauetako argitalpen batzuk. Goza ezazue gure gaztetxoen mailaz!  

2011-11-11

WEBQUEST-EAN IGERIAN

Bitakora honetan idazten dudan artean, hainbat gauza ikasten ari naiz. Izan ere, ikasteko, ez dago praktikatzea baino modu eraginkorragorik. Eta horixe da gertatzen ari zaidana.
Ahalik eta blog aberasgarriena sortzeko, sarean esploratu beharra dago. Ur handietan murgildu: gainontzekoen blogetan kuxkuseatu, trikimailuak bilatu, osagarri desberdinekin probatu … 

Oraingoan, WEBQUESTarekin egin dut topo.
Webquest-a, jarduera hezitzaile bat da, ikerlanak internet bidez burutzea ahalbidetzen duena. Horrela, ikasleak informazioa erabiltzen ikasiko du, aztertu, laburtu eta ebaluatzen. Ondoren, transmititu eta konpartitzeko.
Hala ere, badu desabantailarik. Gidatuegia baita eta ondorioz, autonomia gutxi eskaintzen du. 

Gure kasuan, nola ez, bertsolaritzarekin lotutako adibide bat erakutsiko dizuet. 
Klikatu argazkian eta gozatu!!

Hona hemen Webquest desberdinen bilakari zerbitzu bat:
http://www.phpwebquest.org/euskera/

2011-11-10

IRRIEN LAGUNAK GARA GU

Euskal Herriko pailazo-familia ezagunena, albiste pozgarri batekin datorkigu. Izan ere, Pirritxek bikiak izan ditu: Pupu eta Lore.



Sudur-gorriei laguntzeko, Irrien Lagunak Kluba sortu da. Jaio berriak heztea helburu duelarik. Baina baita Euskal Herriko ume guztiak heztea ere.
Horretarako, hainbat balore sustatuko dituzte. Beti ere euskara eta irria oinarri hartuta. Izan ere, gure herria Koloretako Mundua da eta honela eraiki beharra daukagu.
Eginkizun honetan, hainbat lagun ezagutuko ditugu. Besteak beste, ondorengo taulan aurkeztuko dizkizuedanak:

KLASERA BEGIRA

Batek baino gehiagok, faltan botako zenuten bertsoaren inguruko azalpen txikiren bat. Edota bertsoa lantzeko ariketaren bat edo beste.
Lasai, zuen eskariak bete egiten baitira gurean.
Bi POWERPOINT erakutsiko dizkizuet.
Lehena, sarean aurkitutakoa. Bertan, bertsolaritzaren inguruko sarrera txiki bat egiten da eta ondoren, bertso-egitura desberdinen azalpena argitu.
Bigarrena aldiz, neuk sortua da. Eta umeekin bertsoa lantzeko zenbait ariketa proposatzen ditut. Ea gustuko duzuen!


2011-11-08

BITAKOREN SEKRETUAK

Zenbat artista/idazle/kirolari/olerkari/dantzari… omen daude munduan? Eta horietatik zenbatek dute aukera beraien dohaia munduari aurkezteko?                                     
Sarritan murgiltzen nahiz korapilo honetan. Buruari behin eta berriz ematen dizkiot bueltak. Eta beti jausten naiz ondorio berera: zenbat talentu ezagutzeko aukera galdu dugun bidean!
Egunotan modan jarri dira artistak bilatzen dituzten teleisailak: “Tu Si Que Vales”, “Factor X”, “Fama”, “Operacion Triunfo” … Baina ez dut sinesten formatu hauen xedea egiazkoa denik. Paraphernalia handiegia iruditzen zait guztia. Timo hutsa.
Bada ostera, beste kanal erraldoi bat. Sarea.
Egile zein hartzaile guztientzako ateak zabaltzen dira bertan (zenbait kasutan gehiegi esango nuke). Eta aukera paregabea da, denbora eta pazientzia izanez gero, pertsona bakoitzak duen ezaugarri berezi hori bilatzeko.

Kasu honetan, bertsolaritzarekin lotuta dauden BI BLOG aurkeztu nahiko nizkizueke. Ez baitut berekoia izan nahi neurea bakarrik defendatzean.

ZORTXIKO TXIKIA
Igorreko gazte honek, iraganeko zein gaurko hainbat bertsoz gozatzeko aukera eskaintzen digu bere blogean. 
Argazkian klikatuz gero, 
zuzenean eramango zaitu orrialdera.




ITXARO ETA JUNEREN BLOGA
Abadiñoko ikasle hauek, bertsoa eta musika uztartu dituzte beraien blogean. Ikusiz eta entzunez gure belarriak alaitzeko amoz.  
Argazkian klikatuz gero, 
zuzenean eramango zaitu orrialdera.

2011-11-04

NONDIK GATOZ ETA NORA GOAZ

Txoko hau bertsolaritzaren mundura zabalduta badago ere, ezin dugu ahaztu gure jatorrizko norabidea. Izan ere, Lehen Hezkuntzara zuzendutako bloga dugu gurea.
Beraz, hemen aurki dezakezuen sarreretako bakoitza, haurrentzako pentsatua dago. Helburu batekin edo bestearekin, zuzenean edo zeharka, baina haurrengan pentsatuz.
Hala, aipamen berezia egin nahi nioke gaurkoan hezkuntzari. Eta bereziki, azken aldian horrenbeste entzute duten GAITASUNEI.

Mapa kontzeptual honetan, 8gaitasunok zehazten eta azaltzen dira laburki:




Ba al da norbait maparekin harrituta gelditu dena??
Ez pentsa aditu plantak egiten ari naizenik. Neuk ere oraintsu ikasi baitut tresna hau erabiltzen. Izan ere bere tranpa du.
Bada sarean, Cmap Tools izeneko programa erabilgarri bat. Modu errazean eta zeure gustura, kontzeptu mapak diseinatzeko aukera eskaintzen duena. Egin proba!!!